Mundua eraldatzen ari gara. Eraldatu zaitez

BOLUNTARIOTZAREN NAZIOARTEKO EGUNA dela-eta, Bizkaiko Boluntariotzako Erakundeen Forotik boluntariotzak gauzak aldatzeko duen balioan jarri nahi dugu arreta.

Bizkaian, ia 100.000 boluntario gara, eta lurraldean dauden 2.000 erakundetan baino gehiagotan kolaboratzen dugu.

Euskal erakundeek 33 boluntario ditugu batez beste, eta pertsonekin eta kolektiboekin egiten dugu lan hainbat alorretan: osasuna, gizarte-bazterketa, enplegua, gizarte-zerbitzuak, aisialdia eta garapenerako lankidetza, besteak beste.

Boluntarioen mundua aztertzen badugu, esan beharra dago zenbait datu interesgarri daudela, hala nola, emakumeok gehiengo izaten jarraitzen dugula boluntariotzaren munduan. Boluntarioen laurden batek baino gehiagok 30 urte baino gutxiago ditu, eta ia beste laurden batek 65 urte baino gehiago. Hala ere, talderik handiena 31 eta 50 urte bitarteko pertsonek osatzen dute (%35).

Ohikoena da astean 5 eta 10 ordu egitea boluntariotzan, gutxi gorabehera. Boluntarioen %20k osasunaren eta garapenerako lankidetzaren alorrean egiten dugu lan. Beste %20k 10 urte baino gehiago daramatzagu gure erakundeekin boluntario.

Eta zer egiten dugu gure erakundeetan? Boluntario gehienek zuzeneko esku-hartzearekin erlazionatutako eginkizunak betetzen dituzte, hala nola: adineko pertsonekin edo desgaitasunen bat duten pertsonekin egotea beren aisialdian, sentsibilizazio-azoketan edo gizarte eta eskoletako babesean parte hartzea… Beste %15ek kudeaketa eta administrazio eginkizunak betetzen ditu: sare sozialak kudeatzea, diru-laguntzak jasotzeko beharrezko dokumentazioa antolatzea, txostenetarako fakturak antolatzea…

Lana gogo eta konpromiso handiz egiten dugu; hala ere, gure lanak gizartea aldatzen ote duen galdetzen diogu gure buruari. Agian, handiegi geratzen zaigu edo urrutiegi ikusten dugu; hortaz, ez dugu uste gizartea eraldatzen ari garenik.

Hori dela eta, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko bildu garela aprobetxatuta, azpimarratu nahi dugu boluntariotza gizartea aldatzeko mugimendutzat hartu behar dela, eta boluntariotza eraldatzailearen kulturaren aldeko apustua egin behar dela.

Boluntarioek eguneko kontuetan hartzen dute parte, eta beste agente edo erakundeek nekez lortzen duten informazioa lortzeko aukera izaten dute. Beraiekin lan egiten duten pertsonak edo taldeak babestu, eta hainbat balio transmititzen dituzte, hala nola: elkartasuna, doakotasuna, parte-hartzea eta konpromisoa.

Hala ere, boluntariotza jarduera zehatzetatik eta norbere asebetetzetik harago doan mugimendua da. Boluntariotza eraldatzailea hiru dimentsiotan ikus daiteke:

– Norberaren dimentsioan: guk boluntariotzaren balioak transmititzen ditugu. Gure pozak, enpatiak, gogoak eta pasioak gizartea aldatzen laguntzen dute. Adibidez, zenbait talderen egoera ikusarazten, dugu eta, horri esker, gizarteratzen laguntzen diegu.

Kolektibitatearen aldeko apustua egiten dugu, eta gizarte inklusibo, tolerante eta solidarioagoa proposatzen dugu.

– Antolakuntzaren dimentsioan: gure boluntariotzak erakundeen parte-hartzea aberasten du. Gu gabe, erakundeak ez lirateke berdinak izango, izan ere, proiektu berriak sustatzen laguntzen dugu, egunero ikusten ditugun egoerak identifikatuta; bazterketa-egoeran dauden taldeei ahotsa ematen diegu, eta giza eskubideak errespetatzea defendatzen dugu.

– Dimentsio sozialean: gure lanak gizartea aldatzen laguntzen du; izan ere, “gu aldatzen bagara, gizartea ere aldatzen da”. Gure boluntariotzaren bidez, gizarteari erakusten ari gara boluntariotza oso garrantzitsua dela gizarte bidezkoagoa lortzeko. Horrela, aldaketak sustatzen ditugu familiartetik, lagunartetik edo inguru hurbiletik maila handiago batera.

Hala ere, nahiz eta boluntariotzak aukera ugari eskaini, askotan, eremu zehatz batzuk baino ez dizkiogu eskaintzen, eta boluntariotzak gizarte-aldaketari egiten dion ekarpena lausotuta geratzen da.

Eta boluntariotza askoz gehiago dela uste dugu.

Bizkaiko Boluntariotza Erakundeen Foroko erakundeek uste dugu boluntarioa izatea IZATEKO modu bat dela:

– Beharrizan sozialen kontzientzia hartzea eta horiek hobetzeko prozesuan inplikatuta sentitzea da.

– Bizitzari balioa ematea da, doakotasunaren eta besteekiko elkartasunaren bitartez.

– Proiektu komun baten barruan gizartearekiko konpromisoa eta laguntza aktiboa eskaintzea da.

– Pertsonengan, topaketan eta elkarrizketan sinestea da.

– Gizarte zibil kritikoa, antolatua, barneratzailea eta aktiboa eraikitzearen aldeko apustua egitea da.

– Gizartea eraldatzearen alde lan egitea da, pertsona guztien duintasuna, justizia soziala eta garapen iraunkorra helmugatzat hartuta.

– Ekintza boluntarioaren ENBAXADORE izatea da, beste pertsona batzuk sentsibilizatuta eta inplikatuta.

Boluntariotza herritarren parte-hartzearen adierazpen nagusia da, eta aintzatespena merezi du, bai erakunde ofizialen partetik, lana legitimatuta eta babestuta, bai komunikabideen partetik, gizarteari egindako ekarpena erakutsita eta esteoreotipoak saihestuta, bai erakundeen beraien partetik. Izan ere, guk boluntariotzaren helburu eraldatzailea sustatu behar dugu, erakundearen alderdi guztietan boluntariotza sustatuta eta balio eraldatzaile hori azpimarratuta.

Arrazoi horiengatik, egun hau dela-eta, gizartea aldatzeko egindako ekarpena onartu nahi diegu boluntario guztiei. Gainera, egindako lana eskertu nahi dizugu.

Proiektu baten parte zara, eta zure parte-hartzearen bidez, gizartea aldatzen ari gara. Zalantzarik gabe, behar zaitugu.

Eduardo Galeanok zera esaten zuen: “Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezakete”.

Eskerrik asko, boluntarioa izateagatik. Eskerrik asko, hor egoteagatik, partekatzeagatik, kolaboratzeagatik eta egunero mundua alda dezakegula erakusteagatik!

Diferentzia markatu dezakegu gure inguruan. Gure mundua aldatu eta hobetu dezakegu; nahiz eta ekarpena txikia dela iruditu, eraldaketaren bidean gaude.

Zorionak, egindako gauza guztiengatik.

“Mundua eraldatzen ari gara. Eraldatu zaitez.”

 

Diciembre 05 Bizkaiko Boluntariotzako Erakundeen Foroaren adierazpena.